EUSKAL OHITURAK
SAN JUAN SUA
San Joan festak edo sanjoana, antzinako jatorria duen jai garrantzitsua da, ipar hemisferioan udako solstzioaren hasiera dela-eta ekainaren 24an ospatzen dena, bereziki Europan. Hala ere
udako benetako solstizioa, urte osoko egunik luzeena, ekainaren 21a edo 22a da.
Donibane jaiko ekitaldi ezagunena Donibane sua da, beste ohitura batzuk dauden arren: iturri, putzu eta erreka batzuetako urez garbitzea, haietako ura edatea eta ihintza zapaltzea osasungarria dela sinetsi izan da. Ohikoa da, halaber, etxeko atarian lizarraren, erramuareneta elorri zuriaren adarrak jartzea, tximistatik babesteko.
Beasaingo Aurtzaka dantza taldekoek Goierrin garai batean emakumeek soka-dantzan ateratzeko zuten ohitura galdua berreskuratuz, 2008an, Neskatxen Esku-Dantza plazaratu genuen. Ordutik, urtero San Joan bezpera gauean (Ekainaren 23an), Beasaingo Barrendain plazan pizten den suaren inguruan dantza egin ohi dugu Aurtzaka eta Ostadar dantza taldeetako neskatxa nerabeek.
Beasainen, udako solstizioa ospatzeko eta udari ongietorria emateko “alamartxoa” edo san joan sua pizten da; eta erromeria egin ohi zen gutxienez orain ehun urtetik hona.
Aurtzaka dantza taldekoak dantza eta udako solstizioa lotu nahi izan ditugu Neskatxen Esku-Dantzarekin, eta denboraren poderioz galtzen ari zaizkigun osagai hauek gogora ekartzen saiatzen gara ekainaren 23ko ilunabarrean:
- EGUZKIA. Sua izaten da San Joan gaueko osagai nagusia. Suak Eguzkia elikatzen du sineskera zaharren arabera. Alamartxoa piztu aurretik dantzatuko dugu bere inguruan. Zaharra erre eta berriari ateak zabaldu.
- URA. Gauerditik aurrera, ura bedeinkatu egiten da, ahalmen bereziak hartzen ditu, sendatu egiten du eta zoriona ekartzen du. Maitasunaren sinboloa da.
- LANDAREAK. Bildu egiten dira, lore-sortak egiten dira eta etxeak adarrez hornitzen dira. Emankortasunaren sinboloa dira.
- AIREA. Bizitza ematen digu, eta dantza egitera gonbidatzen du, borobilean, beti ere.
San Joan Belarrak edo “Belar onak”
San Joan egunaren inguruan bildutako landareek zorte ona ematen dute, eta gaitzak, trumoiak, urruntzen dituztelako ustea oso zabaldua dago. Emakumeek San Joan loreak eta eskura zituzten beste batzuk biltzen zituzten: milorriak, iratzeak, arrosak, krabelinak, lizarra, elorria, gereziak...
Guk dantza egin aurretik biltzen ditugu, eta buruan apaingarri gisa koroia egiteko erabiltzen. Gero, etxean gorde eta hurrengo urteko sua pizteko izaten dira, zaharrak erre eta berriak ekarriz.
San Joan kanta
Kanta edo esamolde asko aurki daitezke egun honen inguruan, eta bereziki, egiten den suarekin lotuta. Guk dantza, kantarekin aberastu nahi izan genuen, eta Idiazabalgo Urtsuaranen Juan Garmendiak jaso zuen letra hau erabiltzen dugu neskatxek abestu dezaten:
“San Juan dala, San Juan dala zapatu arratsaldean.
Hamalau atso tronpeta jotzen zazpi astoren gaiñean.
Hiru ale ta gaztaina kaskalik ez, gaztañeri hontan sorginik ez.
Hemengo batek horko biri, balio badek etorriari!”
Lehen esan dizuegun bezala, dantza egiteko ohitura hau aspalditik dator. Hona hemen aurtzakako neskatsen aurtengo bideoa:
Ni ere aurtzaka taldean nabil eta hiru urtez jarraian egin dut san juan dantza hau. Oso garrantzitsua izaten da aurtzakako kide guztiontzat egun hau, oso egun polita izaten da eta ikusteak pena merezi izaten du. Sari bat ere jaso genuen san juanetako dantza honengatik eta Donostiako San Telmo museoan dantza eginez eskertu genuen.

Lehen esan dizuegun bezala, dantza egiteko ohitura hau aspalditik dator. Hona hemen aurtzakako neskatsen aurtengo bideoa:
Ni ere aurtzaka taldean nabil eta hiru urtez jarraian egin dut san juan dantza hau. Oso garrantzitsua izaten da aurtzakako kide guztiontzat egun hau, oso egun polita izaten da eta ikusteak pena merezi izaten du. Sari bat ere jaso genuen san juanetako dantza honengatik eta Donostiako San Telmo museoan dantza eginez eskertu genuen.